BERRIKUNTZA KUDEAKETAN

URKIDE metodoa: Gure kudeaketa arloko pilulak

URKIDEn, kudeaketatik abiatuta, geure metodologia propioa sortu dugu, kudeaketa‑prozesu guztiak errazteko eta erakargarriago egiteko.
Hona hemen aipagarrienak:

Geure kudeaketa sistema: URA

Erraza eta soila izatea ditu oinarri, eta baita talde guztiek erakundearen helburuen hedapena eta jarraipena egitea ere.
Drive batean dago, partekatutako karpeten sistema batean; horri esker, guztiok erraz erabil dezakegu, eta oso ongi datorkigu gaur egun lan egiteko dugun moduagatik.
Talde bakoitzak bere karpeta du eta dokumentu batean helburuak ditu jasota, bai erakundearenak, bai taldearenak berarenak. Horrez gain, beste dokumentu batean asteko bileren jarraipena egiten da.

Aspertzea, inoiz ez: “URKIDE” marka sortuz

Gure ezaugarriak sormena, berrikuntza eta umore ona dira, eta, ondorioz, gure kanpora begirako irudiak sormenez betea, berritzailea eta dibertigarria behar du. Helburu horrekin, filosofia hori aplikatzen dugu gure aurkezpenetan eta bisitak izaten ditugunean, harritzea, zerbait eragitea eta dibertitzea bilatzen dugu. Edukiagatik eta formatik gogoratu dezatela. Marka dibertigarri eta desberdin bat edukitzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.
Gure esku‑hartzeen ondoren jaso ditugun zenbait iruzkinetan entzuten dugunak… “Inoiz ikusi dudan aurkezpenik onena, ahaztezina”, “dibertigarriak, sormenez beteak, mezua zuten, konpromiso handiz landuta zeuden” uste hori berresten du.